Baionako manifestua

1

Hemen gaudenok erabaki genuen
armagabetzearen eguna “gure” eguna izango zela.

Erabaki bitxia izan zen; behar bada lotsagabea…
eta aukera bat zen ere ez ausartzea.

Baina, hala bada ere, guk esaten dugu
ez dela arinkeria bat izan,
are gutxiago inprobisatutako erabakia

Armagabetzearen eguna gure eguna da
hausnartu egin dugulako,
elkarrekin pentsatu eta neurtu dugulako.

Beste batzuk ere gogoeta egin dute
eta erabaki dute ez direla gaur gure artean izango.
Errespetuz hartzen ditugu; aintzat hartzen ditugu,
eta gure hitzak haiek entzun ditzaten ere badira.

 

2

Ez gara herri guztia; hori egia da,
baina inork ezin du ukatu Baionara
gure herriko alde guztietatik,
lurralde orotatik etorri garela, era guztietako jendea,
alde bateko eta besteko pentsakera duena

Eta hona iritsi garelarik, sentitzen dugu
aurrerantzean zailagoa izango dela, agian ezinezko,
herriari eta bere jendeari dei egitea bakea eraikitzeko ez bada

 

3

Hemen bildu garenok bat gatoz kontu batekin,
eta ez du azalpen handirik behar:
bakea ez da soilik bortizkeria eza…
Halaber, bat gatoz bortizkeria bada ez dagoela bakerik

Horregatik, armagabetzea beharrezkoa zen,
bakearen bidean ezinbesteko urratsa zelako

Armagabetzea jada gauzatu da
eta mugarri honek gure historiaren kapitulu bat ixten du
kapitulu honetan samina, heriotza eta agonia nagusi izan dira
eta hau atzean utzi nahi dugu… baina ez atzera begiratu gabe

 

4

Gure bihotza eta oroitzapena biktimengan jarrita daukagu
biktima guztiengan,
lehengoak eta oraingoak; ezagunak eta ezezagunak,
arma hauen eta arma ororen biktimak

Haiek, guztiak,
tragediaren zamapean zanpatuta bizi izan dira edo bizi dira,
eta ez da erraza izan gaurko egun honetara
etsipenean erori gabe iristea; denek ez dute lortu

Bakea ez denez soilik bortizkeria eza,
biktimak gogoan ditugula hitz ematen dugu etorkizunean
oroitzapena eta aitortza izango dutela,
egia eta justizia egin nahi dugula eta aldarri hau bota:
“ez da berriz gertatuko!”, “ez da berriz gertatuko!”

Hitz ematen dugu etorkizunean izango dela
lehenago ebatsi zitzaien bizikidetza eta adiskidetasuna
eta borroka berriak –zergatik ez? – bide onetik eramango ditugula,
gizalegezkoak eta zibilizatzaileak izango direla

Hitz ematen dugu ere haien memoria ez dugula baliatuko,
ez guretzat etekina lortzeko,
ezta besteren kalterako ere

 

5.

Gure oroitzapena ez dago soilik iraganera begira
oraina ere mingarria baita
esaterako presoena,
beren senide eta adiskideena

Gure ustez, inor ez da galtzaile
–aitzitik, guztiok irabazten dugu–
legea eta politika gaurko egoerara moldatzen badira,
urruntzea bukatzen bada
eta presoak Euskal Herrira ekartzen badituzte, beren ingurura;
gaixo daudenak eta zigorra bete dutenak
libre uzten badituzte

Etxeratzea lehenbailehen izatea nahi dugu

Hau ere beharrezkoa delako,
posible izan behar da

 

6.

Duela ia sei urte, Aieten,
esan zen bakeak zer eskatzen duen:
“ausardia, arriskuak hartzeko borondatea,
konpromiso sakonak, eskuzabaltasuna”

Beharrezkoa zelako posible egin dute:
Haientzat, artisauentzat,
besarkada bana; hau da gure aitortza

Artisau lana izan baita
lan honetan marka desberdina, inperfektua uztea
–goitik behera humanoa–,
lan egiten duten eskuen marka;
esku horiek lan egiten duten bitartean
amesten dute merezitako atsedena, bakearen promesa

Beren lehengaia erabiliaz egin dute,
herriarena eta jende batzurena,
behartuta baitzeuden
bizikidetzaren artea sortzera;
honen neurria denborak emango digu

 

7.

Aietekoa burutzeko garrantzizko zerbait falta da:
Frantziako eta Espainiako gobernuek onar dezaten
hitz egitea eta solaskide izatea
gauza batetaz jarduteko:
hainbeste urtetako biolentziek
utzi digutenaz
–eta zein egoeratan utzi gaituzten–
Hau ere posible izan behar da
behar-beharrezkoa baita

 

Bada jendartea; badira eragileak,
badira legitimatutako hautetsi eta erakundeak,
eta bada ere nazioarteko komunitate bat
prest dagoena bake justu eta iraunkorrera
hurbilduko gaituen elkarrizketa errazteko

 

Eskerrak guztioi.

Izan gaitezen guztiok, elkarrekin,
bakearen artisau

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s